Abian da Airakurri lehiaketa

Euskal Editoreen Elkarteak antolaturiko Airakurri proiektua, Irakurzaletasuna sustatzen lagundu nahi duen lehiaketa bat da, eta, 2.DBHko ikasleei eta haien ikastetxeei zuzendua dago, http://airakurri.com

Apirilaren 12a arte dago epea zabalik edizio honetan, eta iruzkin landuen edota saiatuenari eta haren ikastetxeari saria emango zaie. Sariak liburu-sortak eta tablet-a izango dira, irakurketa edozein euskarritan gauzatu baitaiteke gure ustez.

Euskal Herriko belaunaldi berrietako haur eta nerabeak gure eta beraien hizkuntzaren jabe egin daitezen nahi dugu, jabe hitzak gordetzen duen esangura osoarekin. Euskara eskolako eta ikaslanetako tresna soil baino gehiago izan dadin, euskaraz bizitzeko zoria lor dezaten, euskararekin gozatzen asma dezaten, denok elkarrekin lan egin behar dugula uste dugu EEEn. Zoritxarrez, ez da lan erraza gure herriko zenbait girotan. Eta, noski, egiteko hori ez da eskolarena bakarrik. 

Gazteek Internet sarea sentitzen dute komunikaziorako leku nagusi gisa, han aise truka baititzakete iritziak. Irakurle gaztearentzat iritzirik hurbilena, betiere, beste irakurle gazte batena izango dela sinesten dugu Elkartean. Hala, elkarren gomendioak, aurkikuntzak eta “txinpartak” trukatzen eta ereiten laguntzen saiatzeko tresna da Airakurri.

EEEk, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz, 2015ean abiarazi zuen www.airakurri.com, irakurzaletasuna sustatzeko tresna irakasleen esku jartzeko. Ordutik, dozenaka ikastetxek parte hartu dute proiektuan eta 600 iruzkinetik gora bildu ditugu. Balorazio ezin hobea egiten dugu bai kantitateari bai kalitateari erreparatzean.