Airakurri proiektuaren aurkezpena

Euskal Editoreen Elkarteak antolaturiko Airakurri proiektuaren inguruko informazioa eman dugu gaur otsailaren 9an, 11:00etan, Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. Airakurri

Euskal Editoreen Elkarteak antolaturiko Airakurri proiektua abiatzear da, eta Jexuxmari Mujika Lehendakariak eta Ana Urrestarazu Idazkari teknikoak gaur goizean azaldu dituzte nondik norako guztiak prentsaurreko bidez.

Airakurri proiektua liburuaren publizitate-kanpaina gisa definitu du Jexuxmarik: irakurzaletasuna sustatzen lagundu nahi duen kanpaina. “Euskal Herriko belaunaldi berrietako haur eta nerabeak gure eta beraien hizkuntzaren jabe egin daitezen nahi dugu, jabe hitzak gordetzen duen esangura osoarekin” esan du. Euskara eskolako eta ikaslanetako tresna soil baino gehiago izan dadin, euskaraz bizitzeko zoria lor dezaten, euskararekin gozatzen asma dezaten, denok elkarrekin lan egin beharra aipatu du EEEko Lehendakariak. Zoritxarrez, ez da lan erraza gure herriko zenbait girotan. Eta, noski, egiteko hori ez da eskolarena bakarrik. Horregatik, EEEk, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz, www.airakurri.com ataria jarri du martxan, irakurzaletasuna sustatzeko tresna irakasleen esku jartzeko.

“Gazteek Internet sarea sentitzen dute komunikaziorako leku nagusi gisa, han aise truka baititzakete iritziak” esan du Jexuxmarik. Irakurle gaztearentzat iritzirik hurbilena, betiere, beste irakurle gazte batena izango dela sinesten dute Elkartean. Hala, elkarren gomendioak, aurkikuntzak eta “txinpartak” trukatzen eta ereiten laguntzen saiatzeko tresna omen da Airakurri.
www.airakurri.com webguneak gaztetxoek irakurri dituzten liburuen informazioa bilduko du, iritziak eta iruzkinak. Gaztetxoak horretara motibatzeko, sariak eskainiko zaizkie. Apirilaren 15era arte dago epea zabalik, eta iruzkin landuen edota saiatuenari eta haren ikastetxeari saria emango zaie. “Sariak liburu-sortak eta tableta izango dira, irakurketa edozein euskarritan gauzatu baitaiteke” zehaztu du Jexuxmarik. Mundu teknologizatu honetan, gaztetxoak are digitalizatuago datozela ezin ukatu.