Editoreen Galeusca 2014: konklusioaK

Ekainaren 11n, 12an eta 13an katalanezko, galegozko eta euskarazko hainbat editore bildu dira Igeldon, editoreen GALEUSCA topaketan, eta, honako ondorio hauetara iritsi dira: klikatu albistearen titularrean

GALEUSCA 2014 JARDUNALDIETAKO ONDORIOAK
Ekainaren 11n, 12an eta 13an katalanezko, galegozko eta euskarazko hainbat editore bildu dira Igeldon, editoreen GALEUSCA topaketan. Euskal Editoreen Elkarteak antolatu ditu jardunaldi horiek, Associació d’Editors en Llengua Catalana elkartearekin, Associació d’Editors del Pais Valenciá elkartearekin, eta Asociación Galega de Editores elkartearekin elkarlanean.
Urtero, hiru hizkuntzen artean, hamar mila eta hamaika mila titulu artean argitaratzen dituzte elkarte horietako 185 argitaletxeek. Horiek esanda, Galeusca jardunaldietan parte hartu duten editoreak honako ondorio hauetara iritsi dira:
1. Merkatuaren beheranzko joerak kezkatzen gaitu, eta Espainiako estatuaren indar uniformetzailearen aurrean kultura-aniztasunari eusteko gure ekarpena aldarrikatu nahi dugu.
2. Hartara, herri-administrazioek laguntza irmoagoa eman dezatela eskatzen dugu, jakin baitakigu edizioaren sektorearekin arriskuak partekatuz gero aurrekontu publikoak handi daitezkeela.
3. Negozio-eredu iraunkorra sortu ahal izateko, lege-esparru berria behar du edizio digitalak, bai eta gizarteak haren kontzientzia har dezala ere.
4. Liburu digitalak maileguan hartzeko hainbat eredu jarri dira martxan liburutegi publikoetan. Era horretako sistemak gure sektorearekin adostu eta aldian aldiro aztertu behar liratekeela iritzi diogu. Horretaz gainera, baliabide publikoak nagusiki edukiak eskuratzeko erabili behar liratekeela uste dugu.
5. Itzulpenik gabe kulturarik ez dela deritzogu. Are, gure hizkuntzetara literatura unibertsaleko obra gutxi ekartzen direla ohartarazi nahi dugu. Horregatik guztiagatik, administrazioek laguntza irmoa eman behar dutela jotzen dugu, itzulpenak lehia-berdintasunez argitaratu ahal izateko.
6. Irakurzaletasuna sustatu behar dute botere publikoek, eta horretan egin behar dute indarra. Batik bat, irakurtzeko ohitura bultzatu behar dute ikastetxeetan, eta edizioaren sektoreari nahiz liburu-saltzaileenari babesa eman behar diete.
7. Kultura-politika eraginkorrak lortze aldera, harremanean izan behar dugu herri-administrazioekin eta, harreman horretan, liburugintzako sektore guztiek parte hartu behar dute. Zenbait hizkuntza-politikak kalte egiten diote berezko hizkuntzan idatzitako liburuen edizioari. Egoera horrek nahigabetzen gaitu, eta zuzen dadila eskatzen dugu.
Gaztelaniaz