Mariasun Landak jasoko du dabilen elea saria

Euskal Liburuaren Gaua ekitaldiaren ospakizunean, liburugintzaren alorrean ibilbide jakin bati egiten zaion errekonozimendu gisa. Azaroaren 10ean izango da, 20:00etan, Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan.

Mariasun Landak jasoko du
2011ko dabilen elea saria
Euskal liburugintzaren inguruko bost elkartek —Euskal Editoreen Elkarteak, (EEE), Euskal Idazleen Elkarteak (EIE), Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak (APIE-EIEP), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literaturaren Elkarteak—Mariasun Landa idazleari emango diote 2011ko dabilen elea saria, Euskal Liburuaren Gaua ekitaldiaren ospakizunean, liburugintzaren alorrean ibilbide jakin bati egiten zaion errekonozimendu gisa.
Berritzailea izan da Mariasun Landa haur eta gazte literaturaren arloan; oparoa liburuak idazten; hizkuntza askotara itzulia; jende askok irakurria; sari askoren irabazlea eta beste zenbaiten hautagaia; irakurzaletasunaren sustatzaile nekaezina…
Euskal Liburuaren Gaua urtero antolatzen da 2008. urteaz geroztik, kultur industriak euskal gizarte eleanitzaren garapenari egiten dion ekarpena agerian jarri eta ikusaraztea xede harturik. Gainera, euskarazko liburugintzan parte hartzen duten hainbat eragileren bilgune ere bada, hala nola, argitaratzaileena, idazleena, irudigileena, itzultzaileena…
Honako hauek jaso dute saria aurreko urteetan:
Antton Olariaga (2008),
Juan Mari Torrealdai (2009),
Itxaropena argitaltxea (2010).
Laugarren edizio honetan, Kutxaren babesa izan dute bost elkarteek ekitaldia antolatzeko, bai eta Eusko Jaurlaritzaren eta Donostiako Udalaren laguntza ere.
Ekitaldia
Euskal Liburuaren Gaua azaroaren 10ean izango da, 20:00etan,
Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan. Idoia Noble
itzultzaile eta interpreteak gidatuko du ekitaldia, eta Joxan Goikoetxeak jantziko du musikaz. Juan Azpeitiak diseinaturiko oroigarria iazko saridunaren eskutik jasoko du Mariasun Landak, eta, besteak beste, Arantxa Urretabizkaia idazleak, Iñaki
Aldekoa editoreak eta Antton Olariaga ilustratzaileak hartuko dute parte idazlearen ibilbide oparoaren erakusgarri izango den ekitaldian. Gainera, erreziataldia, musika eta ikus-entzunezkoak eskainiko dizkiogu sariaren irabazleari.
Ospakizuna ondo amaitzeko, mokadu goxo bat izango da.

Mariasun Landa Etxebeste (Errenteria, 1949)
1973an Filosofian lizentziatu zen Parisen, eta zenbait urtez Oinarrizko Heziketan eta IRALEko irakasle jardun zuen. Egun, Literaturaren Didaktikako irakaslea da Donostiako Unibertsitate Irakasle-Eskolan (Euskal Herriko Unibertsitatea). Euskal Herriko hainbat aldizkari eta egunkaritan kolaborazio-lanak egin baditu ere, Haur eta Gazte Literaturan dauzkagu bere emaririk nagusienak; dagoeneko, alor horretan, 24 titulu argitaratu
ditu, eta horietatik asko itzuli dira Espainiako hizkuntzatara (katalana, galiziera, gaztelania) nahiz atzerrikoetara (ingelesera, frantsesera, grekerara, errusierara…).
Jasotako sarien artean, honakook nabarmendu nahi genituzke: “LizardiSaria” 1982an Txan Fantasma ipuinarengatik eta Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria Alex ipuinarengatik 1991n. “A.M. Labaien Narrazio Saria” ere eskuratu du Krokodiloa ohe azpian narrazioarekin 2002an. Halaber, Espainiako Kultura Ministerioaren Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala 2003an, Un cocodrilo bajo la cama liburuarekin.
Jakiunde-Euskal Herriko Zientzia, Arte eta Letren Akademiako kide da. Iholdi eta Un cocodrilo bajo la cama lanak IBBYren (International Board onBooks for Young People) ohorezko zerrendan izan ziren 1992an eta 2006an, hurrenez hurren, eta Elefante corazón de pájaro, berriz, White Raven (Zozo Zuria) zerrendarako aukeratu zuten 2001ean. Municheko Haur eta
Gazte Liburuaren Nazioarteko Liburutegi ospetsuak egin ohi du zerrenda hori. 2004. urtean, Donostiako Udalak emandako Hiritar Merezimenduzko Domina eta Errenteria Hiriko Domina lortu zituen. Duela gutxi nobela autobiografikoa argitaratu du, La fiesta en la habitación de al lado (Erein 2007) izenburukoa.
2008ko Andersen Nazioarteko Saria irabazteko hautagaia ere izan da. OEPLIk (Organización Española para El Libro Infantil y Juvenil) hautagai izendatu zuen IBBY-k ematen duen 2008.ko Andersen Sarirako (Haur eta Gazte Literaturako Nobel Sariaren parekoa).
Oharra: ikus http://www.mariasunlanda.net