« Itzuli albistegira

"Liburu bat egingo dut"

2017-02-20  ¦  elkartea

Beharbada noizbait etorriko zitzaizun burura ideia hori: liburu bat egingo dut! Berehala, ordea, pentsatuko zenuen liburua egitea gauza zaila dela. Eta, neurri batean, halaxe da, baina egin, egin dezakezu. Dena dela, eta lan horretan abiatu aurretik, hauek dira jakin beharreko hamaika gauza…..

  1. Liburu guztiak ez dira mota berekoak (ikusiko zenituen hainbat eratakoak) baina, oinarrian, hiru atal landu ohi dira ia guztietan: testua, azala eta irudiak.
  2. Liburua egin nahi duenak (egileak) idatzi duenari deitzen zaio «testua». Orain dela gutxi arte, testua eskuz idazten zen, edo idazmakinan; gaur egun ordenagailuan idazten da gehienetan. Batera edo bestera, idatzitako testu hori behin eta berriz zuzendu behar da argitaletxe batera bidali aurretik.
  3. Liburua egiteko, testua editore baten eskuetan utzi behar da (edo norberak egin editore-lana). Zer egiten du editoreak? Iritsi zaion testua irakurri, aztertu egokia den, ikusi baliorik baduen eta, argitaletxeko beste hainbatekin batera, erabaki argitaratuko den ala ez.
  4. Editoreak zuzenduko eta txukunduko du jasotako testua: idatzitakoaren ortografia, sintaxia, estiloa… Zuzenketak eginda sortutako testuari «galerada» deitzen zaio. Editoreak erabakiko du liburuak izango duen letra mota, nola joango diren atalak eta beste hainbat xehetasun.
  5. Liburua egin aurretik, haren diseinua egin behar da: zein paper erabiliko den erabaki, irudiak izango dituen edo ez ikusi… Izan ere, liburu batek, testuaz gain, marrazkiak, argazkiak edo beste irudiak izan ditzake. Zenbait liburutan ilustratzaileak espresuki egiten ditu liburuko irudiak.
  6. Liburuetan garrantzi berezia izan ohi du azalak. Maiz, azalak erakarriko du irakurlea eta liburua irakurtzeko gogoa piztuko dio. Azalaren atzeko aldeari kontrazala deitzen zaio eta, askotan, hor adieraziko da nolako liburua den esku artean daukazuna. Beraz, arreta berezia jarri ohi da liburuaren azala eta kontzazala prestatzerakoan.
  7. Aurreko urratsak egin ondoren, eta liburua argitaratu aurretik, proba bat egin ohi da, egileak ikus dezan nola geratuko den (gutxi gorabehera) bere liburua. Egileak behin eta berriro zuzenduko du proba hori akatsik gabe argitara dadin liburua.
  8. Liburuak tinta beltzean edo kolore askokoak izan daitezke. Tinta beltzeko liburuak kolore bakarrekoak dira, baina kolore askotakoak egiteko nahikoa da lau kolore bakarrik erabiltzea: cyan (urdina), horia, magenta (gorri berezia) eta beltza. Lau kolore horiek nahasita sortuko dira liburuetako kolore guztiak. Kolore bakoitzarentzat xafla bat erabili behar da liburuak egiteko makinetan inprimatzeko.
  9. Inprentan neurri handiko paperak erabili ohi dira, eta paper bakoitzean liburuko hainbat orrialde (hamasei, esaterako) inprimatu. Paper handi horiek tolestu eta bakoitzarekin koadernotxo bana egingo da. Koaderno horiek elkarrekin josiz osatuko da liburua. Lehen eskuz egin ohi ziren koadernatze- eta joste-lanak, baina orain badira lan hori egiten duten makinak.
  10. Liburuaren azala liburuko koadernotxoetatik aparte egin ohi da. Kartoi mehezkoa, kartoizkoa edo plastikozkoa izan daiteke, eta koadernoak josi ondoren kolarekin erantsiko zaio haiei, liburua osatzeko. Ertzak gillotinaz moztuz liburuak guk ezagutzen duen itxura hartuko du.
  11. Egindako liburua saltzeko, argitaletxeak hainbat bide hartuko ditu: liburua iragarri, ona eta irakurtzeko atsegina dela adierazi, jendearen aurrean aurkeztu, egileak bere liburuaz hitz egin dezan aurkezpenak edo hitzaldiak antolatu… Bestalde, liburua irakurlearen eskuetara iristeko liburu-dendetara edo liburutegietara eramango du.