« Itzuli albistegira

Airakurri kanpaina martxan da berrio ere

2017-11-30  ¦  Elkartea

Euskal Editoreen Elkarteak antolaturiko Airakurri proiektuaren hirugarren edizioa martxan da dagoeneko. Irakurzaletasuna sustatzen lagundu nahi duen proiektu honetan, DBHko 2.mailako gazteek parte hartu dezakete. Irakurritako liburu baten iruzkina airakurri webgunean idatziz, abenduaren 20 arte

Airakurri kanpaina martxan da berrio ere

Euskal Herriko belaunaldi berrietako haur eta nerabeak gure eta beraien hizkuntzaren jabe egin daitezen nahi dugu, jabe hitzak gordetzen duen esangura osoarekin. Euskara eskolako eta ikaslanetako tresna soil baino gehiago izan dadin, euskaraz bizitzeko zoria lor dezaten, euskararekin gozatzen asma dezaten, denok elkarrekin lan egin behar dugula uste dugu EEEn. Zoritxarrez, ez da lan erraza gure herriko zenbait girotan. Eta, noski, egiteko hori ez da eskolarena bakarrik. Gazteek Internet sarea sentitzen dute komunikaziorako leku nagusi gisa, han aise truka baititzakete iritziak. Irakurle gaztearentzat iritzirik hurbilena, betiere, beste irakurle gazte batena izango dela sinesten dugu Elkartean. Hala, elkarren gomendioak, aurkikuntzak eta “txinpartak” trukatzen eta ereiten laguntzen saiatzeko tresna da Airakurri. EEEk, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz, 2015ean abiarazi zuen www.airakurri.com, irakurzaletasuna sustatzeko tresna irakasleen esku jartzeko. Ordutik, 20 ikastetxe baino gehiagok parte hartu dute proiektuan eta 400 iruzkinetik gora bildu ditugu. Balorazio ezin hobea egiten dugu bai kantitateari bai kalitateari erreparatzean. Webguneak gaztetxoek irakurri dituzten liburuen informazioa biltzen baitu, iritziak eta iruzkinak. Gaztetxoak horretara motibatzeko, sariak eskaintzen zaizkie. Abenduaren 20ra arte dago epea zabalik edizio honetan, eta iruzkin landuen edota saiatuenari eta haren ikastetxeari saria emango zaie. Sariak liburu-sortak eta tableta izango dira, irakurketa edozein euskarritan gauzatu baitaiteke gure ustez. Mundu teknologizatu honetan, gaztetxoak are digitalizatuago datozela ezin ukatu.