Euskal Herriko belaunaldi berrietako haur eta nerabeak gure eta beraien
hizkuntzaren jabe egin daitezen nahi dugu, jabe hitzak gordetzen duen
esangura osoarekin. Euskara eskolako eta ikaslanetako tresna soil baino
gehiago izan dadin, euskaraz bizitzeko zoria lor dezaten, euskararekin
gozatzen asma dezaten, denok elkarrekin lan egin behar dugula uste dugu
EEEn. Zoritxarrez, ez da lan erraza gure herriko zenbait girotan. Eta, noski,
egiteko hori ez da eskolarena bakarrik.
Gazteek Internet sarea sentitzen dute komunikaziorako leku nagusi gisa,
han aise truka baititzakete iritziak. Irakurle gaztearentzat iritzirik hurbilena,
betiere, beste irakurle gazte batena izango dela sinesten dugu Elkartean. Hala,
elkarren gomendioak, aurkikuntzak eta “txinpartak” trukatzen eta ereiten
laguntzen saiatzeko tresna da Airakurri.
EEEk, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz, 2015ean abiarazi zuen
www.airakurri.com, irakurzaletasuna sustatzeko tresna irakasleen esku
jartzeko. Ordutik, 20 ikastetxe baino gehiagok parte hartu dute proiektuan eta
400 iruzkinetik gora bildu ditugu. Balorazio ezin hobea egiten dugu bai
kantitateari bai kalitateari erreparatzean. Webguneak gaztetxoek irakurri
dituzten liburuen informazioa biltzen baitu, iritziak eta iruzkinak. Gaztetxoak
horretara motibatzeko, sariak eskaintzen zaizkie. Abenduaren 20ra arte dago
epea zabalik edizio honetan, eta iruzkin landuen edota saiatuenari eta haren
ikastetxeari saria emango zaie. Sariak liburu-sortak eta tableta izango dira,
irakurketa edozein euskarritan gauzatu baitaiteke gure ustez. Mundu
teknologizatu honetan, gaztetxoak are digitalizatuago datozela ezin ukatu.