Kutxa Fundazioak eta euskal liburugintzaren sektorea ordezkatzen duten lau elkarteek (tartean Euskal Editoreen Elkarteak) idazle eta irrati esatariaren lau hamarkadako ibilbidea aitortuko dute azaroaren 19an.
Kutxa Fundazioak eta euskal liburugintzaren sektorea ordezkatzen duten lau elkarteek Arantxa Iturbe idazle eta irrati esatariari emango diote 2026ko Ibilbide Saria. Aitortzak euskal kulturaren eta literaturaren alorrean egindako ekarpen esanguratsua nabarmentzen du, eta, aurten, bereziki, Iturbek sormenaren, komunikazioaren eta euskararen alde hainbat hamarkadatan egindako lana aitortuko du.
2022az geroztik ematen den saria Kutxa Fundazioak sustatzen du, euskal liburugintzako lau elkarterekin elkarlanean: Euskal Editoreen Elkartea (EEE), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE), Euskal Idazleen Elkartea (EIE) eta Galtzagorri, Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkartea. Lau erakundeetako ordezkariek osatutako epaimahaiak erabaki du aurten saria Arantxa Iturberi ematea.
Ibilbide Sariaren helburua euskal kulturari eta literaturari ekarpen iraunkorra egin dioten pertsonen jarduna aitortzea da. Lehen aldiz sari honek 5.000 euroko dotazioa izango du. Aurreko edizioetan Arantza Urretabizkaia (2022), Jose Angel Irigarai (2023), Asun Agiriano (2024) eta Anjel Lertxundi (2025) izan dira sarituak.
Lau hamarkada literatura eta irratigintza uztartzen
Alegian jaioa 1964an, Arantxa Iturbek kazetaritza ikasi zuen eta 1985etik dago Euskadi Irratiari lotuta. Lau hamarkadatan zehar askotariko lanak egin ditu irratian, albistegietatik solasaldi eta elkarrizketa saioetaraino. 2000. urtean Rikardo Arregi Saria jaso zuen bere ibilbide profesionalaren aitortza gisa.
Kazetaritzarekin batera, literaturan ere ibilbide oparoa osatu du. 1992an argitaratu zuen bere lehen ipuin bilduma, Ezer baino lehen, eta haren ondoren etorri dira, besteak beste, Lehenago zen berandu, Ai ama! eta Kontu-jaten, baita haur eta gazte literaturako hainbat lan ere. Antzerkian Agurtzane Intxaurragarekin batera jardun du, bi Max sari eskuratuz, eta telebistarako gidoigintzan ere aritu da, besteak beste Goenkale telesailean.
Sari banaketa, azaroaren 19an
2026ko Ibilbide Saria azaroaren 19an, 19:00etan, emango da Kutxa Fundazioa Kluba aretoan, Literaktum 2026 Literatura Jaialdiaren programazioaren barruan. Ekitaldiak literaturaren, argitalpenaren eta kulturaren munduko ordezkariak bilduko ditu Arantxa Iturberen ibilbidea eta euskal kulturgintzari egindako ekarpena aitortzeko.
Ekitaldi berean, Kutxa Fundazioa Literatura Sarien 58. edizioko euskarazko bi lan irabazleak ere aurkeztuko dira: Nerea Arrien Elordiren Gorputzen aldiriak kontakizun-liburua eta Jon Gerediagaren Kontuz, Ikaro! antzezlana.
