Euskal Liburuaren Gaua, azaroaren 25ean, 20:00etan, Victoria Eugeniako Club Aretoan ospatuko da. Antolatzaileak euskal liburugintzaren sektoreko elkarteak dira, Euskal Editoreen Elkartea, Euskal Idazleen Elkartea, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea eta Galtzagorri Elkartea, hain zuzen ere.
Gaurko aurkezpenean, Fito Rodriguezek (EIEko presidenteak), Jorge Gimenezek (EEEko presidenteak), Bakartxo Arrizabalagak (EIZIEko presidenteak) eta Asun Agirianok (Galtzagorriko presidenteak) hartu dute hitza, Arantza Urkia, Udal Liburutegiko zuzendariarekin batera. Denis Itsasoren izenean mintzatu da Urkia, eta, donostiar guztiak, eta euskal gizarte osoa gonbidatu du ospakizun honetara, batez ere, euskal liburugintzaren inguruko jendea.
Rodriguezek aipatu duenez, Euskal Editoreen Elkartea izan zen Euskal Liburuaren Gaua ospatzeko ideia izan zuena, eta azkar egin zituen bidelagun EIE, EIZIE eta Galtzagorri, eta “etorkizunean, festa honen inguruan euskal liburugintzako sektore guztiak biltzea espero dugu, horrela lortuko baitugu euskal liburugintza bera omentzea” gaineratu du. Gimenezek ospakizunaren balio erantsia horretan datzala aipatu du, “euskal liburugintzako elkarte guztiak, agente guztiak biltzean”. Eta, ospakizunaren jasotzailea nor den gaineratu du: “Sektore honetan lan egiten duten guztiak, eta, oro har, euskal gizarte osoa. Euskal kulturaren euskarri irmo bat da euskal liburugintza, eta horri errepara diezaion dei egiten diogu gizarteari. Liburugintzaren benetako irudia erakutsi nahi dugu, sektore dinamikoa dela eta proiektuz beterik bizi den sektorea dela geurea”. Euskal literaturaren kalitatea ere ospatu beharrekoa dela aipatu du Rodriguezek, “merkatu baten pean ibili behar ezak abantaila dakar azkenean, kalitatezko literatura”.
Errebindikazioak ere badu tartea Euskal Liburuaren Gauan, eta horiek ere aipatu dira gaurko aurkezpenean. Arrizabalagak itzultzaileek beren lekua aldarrikatu nahi dutela aipatu du, “euskal literatura munduratzeko gure beharra baitu liburugintzak, eta alderantziz, atzerriko literatura gureratzeko ere bai” esan du. Agirianok, berriz, irakurzaletasuna sustatzeko zereginean gurasoek, irakasleek eta liburuzainek duten garrantzia azpimarratu du, eta guztiak gonbidatu ditu asteazkeneko ospakizunera. Gimenezen errebindikazioa sektoreko eragileei egin die, “geure buruari, alegia. Geu gara aldarrikatzaile eta jasotzaile, azken finean. Insituzioen laguntzarekin, geuk jarraitu behar dugu tinko lanean”. EIEko presidenteak Etxepare Euskal Institutuaren sortzea zein momentutan ote dagoen galdetu du “Institutu hau katalanen Ramon Llull Institutuaren parekoa izan baitaiteke, euskal literatura mundura dezakeen Institutua, alegia”.
Euskal Liburuaren Gauan dabilen elea saria emango da, euskal liburugintzaren alorrean ibilbide jakin bati egiten zaion errekonozimendu gisa. Aurtengoan, Joan Mari Torrealdaik jasoko du saria, Antton Olariaga iazko saridunaren eskutik.
Torrealdai, 1942an Foruan sortua, idazle, ikertzaile eta editorea ere bada. 1969an lehen Idazleen Elkartearen sorreran idazkari lanak egin zituen. Euskara literarioa aitzineratu zuten Anaitasuna eta Jakin aldizkarietako zuzendari izan zen. Euskal idazleak gaur saiakera eta Euskal kultura gaur ikerketa soziologikoa argitaratzeaz gain, euskarak mendeetan zehar jasandako erasoak bildu zituen 1997an El libro negro del euskera-n. Soziologiako tesian ere bide beretik jarraitu zuen, eta frankoren garaiko zentsuraren inguruan ikertu. PEN Klubek behin baino gehiagotan aipatu du Torrealdaik zentsuraren aurka egindako lan hori. Euskaldunon Egunkariako Administrazio Kontseiluko lehendakari izateagatik auziperatua dago.