Kutxa Fundazioa Irun Literatura Sarien banaketa-ekitaldiak Anjel Lertxundiren ibilbidea sarituko du.
Datorren azaroaren 22an, 19:30etik aurrera, Kutxa Fundazioa Irun Literatura Sarien 46. edizioko banaketa-ekitaldia izango da Irungo Kontserbatorioan.
Sariak emateko ekitaldian, Anjel Lertxundiren ibilbide literarioa sarituko da, eta Ibilbide Saria jasoko du, euskarazko liburuen sektorea ordezkatzen duten lau erakundeek ‒Euskal Editoreen Elkarteak (EEE), Euskal Idazleen Elkarteak (EIE), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) eta Elkarteak‒ osatutako epaimahaiak proposatuta.
Anjel Lertxundi, Andu, euskal idazlerik emankorrenetakoa da. Irakasle-ikasketak egin zituen Donostian, eta Filosofia eta Letrak Erroman eta Valentzian. Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako irakaslea eta zuzendaria izan zen. Euskal Literatura eta Literatura Unibertsaleko irakasle ere izan zen Donostiako Elizbarrutiko Irakasle Eskolan hainbat urtez.
Idazle gisa, literaturaren esparru guztiak landu ditu: nobela, ipuinak, itzulpenak, egunkarietako artikulu eta zutabeak, saiakerak eta haur- eta gazte-literatura. 1970ean argitaratu zuen bere lehen liburua, Hunik arrats artean, eta 2024an azkena, Berbelitzen hiztegia.
Prentsarako kolaborazio ugari egin ditu —artikuluak, zutabeak, literatura eta kritika zinematografikoak— komunikabide askotan: Egunkaria, Berria, El Diario Vasco, El País, El Mundo, La Vanguardia, Diario 16, El Correo… Zinema-zuzendari ere izan da, eta horren erakusgarri da duela hilabete gutxi Tabakaleran estreinatu zen Hamaseigarrenean Aidanez filmaren bertsio zaharberritua. Telebistan gidoilari gisa ere lan egin du; ez da ahaztu behar bere eskua Goenkale telesaileko testuetan.
Kritikaren Sari Nazionala irabazi zuen 1983 eta 1991n Hamaseigarrenean Aidanez eta Kapitain frakasa lanengatik, hurrenez hurren. 1999an Euskadi Saria jaso zuen Argizariaren egunak lanagatik eta 2010ean Saiakera Sari Nazionala Eskarmentuaren
paperak lanagatik. 1994an finalista izan zen Otto Pette eleberriarekin eta 2010ean Rosalia de Castro saria jaso zuen bere ibilbide literarioagatik. Euskaltzaindiko kide urgazlea da 1983tik, eta ohorezko kidea 2021etik.
Ekitaldian zehar lehiaketaren lau modalitateetako irabazleei emango zaie saria: Garazi Kamio Anduagari, Moebiusen Ertzak euskarazko eleberriarekin; Karlos Linazasoro Izagirreri, euskarazko poesiaren atalean, Bazter Utzietan lanarekin; Mario Marín-i, gaztelaniazko CMYK eleberriarekin; eta Marina Casadori, gaztelaniazko poesian, Un mar que nadie mira lanarekin. Saritutako euskarazko liburuak ELKAR argitaletxeak argitaratu eta banatuko ditu, eta Pepitas de Calabaza eta Reino de Cordelia argitaletxeek gauza bera egingo dute gaztelaniazko eleberri- eta poesia-liburu sarituekin, hurrenez hurren. Gaztelaniazko eta euskarazko eleberrientzako sariek 20.000 euro eta garaikur bana izango dituzte, eta bi hizkuntzetako poesia-sariek 15.000 euro eta garaikurra.
Lan horiez gain, epaimahaiak aipamen berezia egin zien Txema Garcia-Vianaren Bidaiak, laztanak eta orbainak euskarazko eleberriari eta Maite Lopezen Las Herasen Oren hilak euskarazko poesia-lanari.
Maitena Salinas kazetariak gidatuko duen sari-banaketako ekitaldiaren ondoren, Sheila Blancok Cantando a las poetas del 27 izeneko poesia-emanaldi musikatua eskainiko du.
Publikoarentzako gonbidapenak azaroaren 7tik aurrera eskatu ahal izango dira helbide honetan: literatursariak@kutxafundazioa.eus.
Oharrak:
▪ Egileekin eta/edo Anjel Lertxundirekin elkarrizketak hitzartzeko, deitu 943 251900 telefonora.
▪ Sari-banaketaren ekitaldirako gonbidapenak posta elektroniko bidez eska daitezke: info@kutxafundazioa.eus
