Euskadi literatura sariak, Uxue Apazaola, Leire Bilbao eta Maite Mutuberriarentzat, gure bazkideek argitaratuta

Euskadi-literatura_2022
Euskadi literatura sariak iragarri dituzte gaur hiru kategoriatan. Uxue Apazaola, Leire Bilbao eta Maite Mutuberriari eman diete. Saritutako lanak gure bazkideek eman dituzte argitara.
Euskadi literatura sarien hiru kategoriatako irabazleak jakinarazi dituzte gaur, Gasteizko Artium museoan.
Euskarazko literatura kategoriako saria, Bihurguneko nasa narrazio liburuagatik eman diote Uxue Apazaolari. Lan hau Susa argitaletxeak argitaratu zuen.
Egilearen hirugarren liburua da, eta bederatzi ipuinek osatzen dute.
Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako sariduna, berriz, Leire Bilbao izan da, Barruko hotsak umeentzako poema bildumagatik. Pamielak argitaratu zuen lan hau.
Haurren egunerokoan dauden barneko nahiz kanpoko soinuekin jolas eginez, hotsak poema bihurtu zituen idazleak, eta ilustrazio irudigileak. Onomatopeiak eta kaligramak erabili zituzten bildumaren kontakizuna osatzeko, eta, hala, ume baten egunaren soinu banda izan daitekeena jaso zuten Pamielak plazaratutako bilduman.
Eta, hain zuzen, lan horren ilustratzaile Maite Mutuberriak eraman du Ilustrazioaren modalitateko saria, Irrimola album ilustratuagatik, Ikaselkarren zigiluarekin argitaratua, Kuku emozio programaren barnean —Haur Hezkuntzan oinarrizko emozioak lantzeko hezkuntza programa da—.
Poza du ardatz liburuak, eta baditu hainbat berezitasun; tartean, borobila dela.
Hiru lanak gure bazkide diren eta aipatutako Susa, Pamiela eta Ikaselkar argitaletxeek kaleratu zituzten.