Euskal editoreak eta Irudigileak, martxoaren 6tik 9ra ospatuko den Italiako Bologna Children´s Book Fair Nazioarteko liburu azoka ospetsura doaz.
Euskal Editoreen Elkartea, sektoreko beste hainbat erakundeekin batera, Gremio de Editores de Euskadi eta Irudigileen Elkartearekin, Basque.Books markaren aterkipean egongo dira Bolonian, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren laguntzari esker.
Euskal liburuen presentzia nabarmena izango da aurten ere. Guztira, 13 argitaletxek eman dute izena stand-ean erakusteko:
A fin de cuentos, Alberdania, Bonito editorial, Ediciones Modernas El Embudo, Elkar, Erein, Fulgencio Pimentel, Ibaizabal, Ikaselkar, Ttarttalo, Txalaparta, Xarpa Books eta Xibarit.
Elkarteek honako jarduera hauetan parte hartuko dute:
- Basque.Books Stand-ean: HALL 29 E.15
- COMIC CORNER: HALL 30 C12-D13. Bertan, euskal liburu eta irudigileen komikiak jarriko ditugu ikusgai.
- Eskubide eskuragarrien katalogoa banatuko dugu: Euskal liburuak
Euskal Editoreen Elkarteak Children Book Fair azokako Basque.Books-en erakusmahaian ikusgarritasuna izango dugu. Horrez gain, programazioaren barruan hainbat jardueretan parte hartuko dugu. Comics Corner atalean, euskal liburu eta irudigileen komikiak salgai egongo dira, eta Euskal liburuak eskubide eskuragarrien katalogoa banatuko dute.
Euskal Irudigileak elkarteak hainbat jarduera koordinatuko ditu Illustrator Survival Corner atalean, azokaren programazio profesional ofizialaren barruan. Euskal ilustratzaileek portafolioen errebisioetan, maisu-klaseetan eta Mostra degli illustratori entzutetsuan parte hartzeko aukera izango dute. Jarduera edo erakusketa horietarako aukeratutako ilustratzaileak Higinia Garay, Josune Urrutia, Idoia Iribertegui, Maite Rosende eta Elisabeth Pérez Fernández dira.
Horrez gain, IRUDIKA Nazioarteko Ilustrazio Topaketa Profesionalak, urtero bezala, PATXANGA jaia antolatuko du Bolognako zentroan, MAMbo Arte Modernoko Museoan, 2023an Euskal Irudigileak elkartearen 20. urteurrena ospatzeko.
1963an sortu zenetik, urtero antolatzen da azoka italiarra. Haur literaturan erreferentziazko ekitaldia da; 1.400 erakusmahai eta 30.000 bisitari inguru biltzen dira bertan urtero. Haur literaturaren sorkuntzan eta argitalpenean diharduten profesional guztien topagunea da, eta, batez ere, egile-eskubideak erosteko eta saltzeko espazioa da.