Hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun soziala

Share on facebook
Share on twitter

Batuz aldatu izena hartuko du Euskalgintzaren Kontseiluak hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun sozialen ekimenak, eta jauzia izan da azken hilabeteotan garatutako prozesua irudikatzeko Kursaal aretoan baliatu duen irudia. 

Larunbateko agerraldian, Kontseiluko idazkari nagusiak Paul Bilbaok hartu zuen hitza, bilgunea osatzen duten eragileetako ordezkariak atzean zituela. Horien artean, EUSKAL EDITOREEN ELKARTEA.

Lehenik eta behin, Bilbaok eskerrak eman dizkie bidaide izan dituzten erakunde guztiei: «Adostu dugu nora iritsi nahi dugun, eta hori oso garrantzitsua da». Izaera, helburu eta lan-eremu anitzak elkarlanean jomuga berdinera begira jarri izana goraipatu nahi izan du; bere hitzetan, «jakin izan dugu elkarrekin etorkizuna eta helmugatzat jotzen dugun agertokia irudikatzen, gure bidearen helmuga zehazten, bai eta horra iristeko norabideak definitzen ere».

Ondoren hurrengo hilabeteotan aurrera eramango dituzten erronken berri eman du Kontseiluko ordezkariak.

Lehenik eta behin, adostutako dokumentua eragile gehiagotara iristeko beharra plazaratu du: «Paradigma berria jarri dugu hizkuntza-politikaren esparruan, eta eragileak paradigma berriari lotzeko lan egin behar dugu. Garrantzitsua da etorkizuneko hizkuntza-politiken inguruak ikuspegi adostua eta partekatua izatea, eta beraz, erronka izango du adostasun hori are zabalagoa eta askotarikoagoa izatea».

Bigarrenik, Bilbaok gogoratu du eragileon artean lortutako adostasuna hizkuntza-politika orokorretan eragitea duela helburu, baina beharrezkoa dela arloz arlo zehaztea non dauden hizkuntza-politikaren beharrak: «Goazen arloz arlo (hezkuntzan, administrazioan, hedabideetan, eremu sozioekonomikoan…) hizkuntza-politiketan eragiteko lehentasunak definitzera, adostera… eta, ondoren, horiek garatzeko urratsak elkarrekin egitera». Horri lotuta Bilbaok aurreratu du honez gero Kontseiluak ekin diola arloz arloko lanketari, makrotik mikrora eramateko ariketari.

Azkenik, eragileek lortutako adostasun soziala adostasun politiko bihurtzea erronka garrantzitsua izango dela azpimarratu du: «Hizkuntza baten normalizazio-prozesua soziala eta politikoa da. Hanka sozial sendoa behar du, baina bai eta hanka politiko sendoa ere. Horrexegatik, gure asmoa da adostasun sozial trinko hauek adostasun politiko bihurtzea». Hurrengo hilabeteotan lanketa horri ekiteko konpromisoa adierazi du.