Jon Zabaletak jasoko du dabilen elea saria

Jon Zabaletari emango diogu 2014ko dabilen elea saria, Euskal Liburuaren Gaua ekitaldiaren ospakizunean, liburugintzaren alorrean ibilbide jakin bati egiten zaion errekonozimendu gisa. Abenduaren 18an, arratsaldeko 7,30etan, Donostiako Victoria Club aretoan.(Lehiatilan jaso behar da sarrera).

Euskal Liburuaren Gaua euskal liburugintzaren inguruko bost elkartek antolatzen dute: Euskal Editoreen Elkarteak (EEE), Euskal Idazleen Elkarteak (EIE), Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak (APIE-EIEP), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literaturaren Elkarteak (Galtzagorri).
2008. urteaz geroztik, urtero egin izan da Euskal Liburuaren Gaua,
bi helburu nagusirekin: euskal liburugintzaren sektorea gizarteratzea eta ikusaraztea, kultur industriak euskal gizarte eleanitzaren garapenari egiten dion ekarpena agerian jarriz; eta sektore horretan parte hartzen duten eragileen bilgune eta topaleku izatea; argitaratzaileak, idazleak, irudigileak, itzultzaileak eta haur eta gazte literaturaren arloko adituak biltzea, alegia.

Aurtengo ekitaldia
Aurten, Euskal Liburuaren Gaua abenduaren 18an izango da, 19:30ean, Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan. Idoia Noble itzultzaile eta interpreteak gidatuko du ekitaldia, zenbait lankide eta artistaren laguntzarekin.
Zazpigarren edizio honetan, Eusko Jaurlaritza (Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila) eta Donostiako Udala (Donostia Kultura) izan dituzte laguntzaile bost elkarte antolatzaileek.
Bestalde, aurreko urteetan bezala, dabilen elea saria emango zaio liburugintza arloko eragile bati. Aurten, Jon Zabaleta Larburu irudigilea izan da aukeratua; eta, besteak beste, Antton Olariagak berarentzat bereziki egindako oroigarria jasoko du, sarituaren ibilbide oparoaren erakusgarri ere izango den ekitaldian.
Ospakizuna ondo amaitzeko, kopatxo bat izango da.

Jon Zabaletak jasoko du
2014ko dabilen elea saria

Euskal liburugintzaren inguruko bost elkartek, Euskal Editoreen Elkarteak (EEE), Euskal Idazleen Elkarteak (EIE), Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak (APIE-EIEP), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literaturaren Elkarteak (Galtzagorri), Jon Zabaleta irudigileari emango diote 2014ko dabilen elea saria, Euskal Liburuaren Gaua ekitaldiaren ospakizunean, liburugintzaren alorrean ibilbide jakin bati egiten zaion errekonozimendu gisa.
Jon Zabaleta Hernanin sortu zen, 1950. urtean. Delineante ikasketak egin ondoren, arte grafikoetan jardun zuen urte batzuetan, Debako Arte Eskola Esperimentalean bere prestakuntza osatu aurretik.
1973. urtean hasi zuen ibilbide oparoan, 100dik gora liburu irudiz hornitu ditu, horietako asko haur eta gazte literaturaren alorrekoak, eta beste zenbait esparru didaktikokoak. Tira grafikoak, komikiak eta bestelako marrazkiak sortu ditu, egunkari eta aldizkarietan argitara eman direnak (Euskadi Sioux, Berriak, Zeruko Argia, Egin, Anaitasuna, Ipurbeltz, Euskaldunon Egunkaria, Erlea).
Arlo ugari landu ditu Jonek, hala nola diseinu grafikoa (batik bat diskoetako azaletan), margolaritza, eskultura, musika edota bideoa. Eta teknika ezberdinak erabili ditu: kollagea, grabatua, ordenagailu bidez sortutako irudiak, etab.
Munduan barrena ibilia da Zabaleta, Afrikako Malin eta Senegalen, Ingalaterran zein Parisen, Catalunya aldean… Eta leku horiek arrasto nabarmena utzi dute haren iruditerian.
Euskal liburugintzaren arloko idazle (Elorza, Lertxundi, Landa, Atxaga, Igerabide, Mendiguren, Zubizarreta, etab.) nahiz argitaletxe (Erein, Elkar, Aizkorri, Ibaizabal, Gero/Mensajero) handienek aitortu dute Jon Zabaletaren lana.
Urteotan zehar, hogeitik gora erakusketatan hartu du parte Zabaletak, batzuetan bakarka eta zenbaitetan taldean. Egun, sortzaile lanean darrai, hango eta hemengo enkarguei erantzunez; baina, horrekin batera, baita irakasle jardunean ere, batik bat haurrei zuzendutako tailerrak gidatuz: eskulanak, marrazkigintza, komikiak, animazioa, etab.