Kutxa Fundazioa Donostia Literatura Sarien ekitaldiak Asun Agirianoren ibilbidea sarituko du

Donostia, 2024ko azaroaren 12a.

Kutxa Fundazioa Donostia Literatura Sarien 57. edizioaren sari-banaketa ekitaldia Donostiako Antzoki Zaharrean egingo da azaroaren 16an, larunbata, 19:30etik aurrera. Ekitaldian kontakizun-liburua eta antzerkia modalitateak sarituko dira, euskaraz zein gaztelaniaz. Sari bakoitzaren irabazleek 15.000 € eta garaikurra jasoko dute, baita liburuaren edizioa ere. Euskarazko liburu sarituak Elkar argitaletxeak editatu eta banatuko ditu, eta gaztelaniazkoak Pepitas de Calabaza argitaletxeak, azken hau lehenengo aldiz egingo duelarik.

Ekitaldian izango dira lehiaketaren lau kategorietako irabazleak saria jasotzen: Itziar Otegik jasoko du euskarazko kontakizun-liburuaren saria Ezer ez dago utzi nuen lekuan lanagatik; Jon K. Sanchezek Ez izan lanagatik euskarazko antzerkia saria jasoko du; gaztelaniazko kontakizun-liburuaren saria Juana Cortésentzat izango da La belleza de sus heridas lanagatik; eta gaztelaniazko antzerkia Dayana Contrerasentzat izango da La casa vacía lanagatik.

Honez gain, euskal liburugintzaren aldeko ibilbide trinkoa eta esanguratsua egin duen Asun Agiriano Altunak, ohorezko garaikurra jasoko du larunbateko ekitaldian. Euskal liburugintzaren sektorea ordezkatzen duten lau elkartek osatutako epaimahaiak aukeratu du Asun Agiriano: Euskal Editoreen Elkartea (EEE), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE), Euskal Idazleen Elkartea (EIE) eta Galtzagorri, Euskal Haur eta Gazte Literatura elkartea.

Asun Agiriano, Arrasateko Bibliotekako zuzendaria da gaur egun eta ibilbide luzea du Euskal Haur eta Gazte Literaturan. Filosofian lizentziatua da eta Bartzelonako UAB Unibertsitatean Haur eta Gazte Literaturako Masterra egina du. Galtzagorri elkarteko lehendakari izan zen urte luzez, literatura kritikari hainbat agerkaritan (Gara, Ipupomamua, Sautrela, Artefaktua…), hainbat sarietan epaimahaikide eta Galtzagorrik argitaratzen duen Behinola Euskal Haur eta Gazte Literatura aldizkari bakarreko erredakzio batzordeko kide ere izan da urte luzez. BIKO-TEKAn parte hartu zuen 2020an eta han abiatutako proiektua, Atzamarra albuma, argitaratu du Marina Garcia ilustratzailearekin 2022an, bi urte beranduago, Elkar argitaletxearekin.

Maitena Salinas kazetari eta aktoreak aurkeztuko duen sari banaketaren ondoren, A Fuego antzezlana eskainiko da gaztelaniaz, La Bella Otero antzerki konpainiaren eskutik.

Gonbidapenak azaroaren 13tik aurrera (goizeko 11:30tan hasita) eskuratu ahal izango dira Donostia Kulturako webgunean eta Antzoki Zaharreko leihatiletan.