Prentsa-deialdia

  • Hezkuntza Legeak euskal kultur transmisioa berma dezan lan egiteko prest daude kultur eragileak
  • Euskararen kulturgintzako eragileek agerraldia egingo dute ekainaren 16an Donostiako Oteizaren eskulturan EAEko Hezkuntza Lege berrian euskal kultur transmisioa berma dadin eskatzeko eta berau gara dadin laguntza eskaintzeko

 

2019ko urrian euskal kultur sorkuntzaren transmisioa hezkuntza arautuaren testuinguruan jorratzeko Sormenean hezi, kulturan bizi jardunaldiak antolatu genituen Azpeitian, hainbat eragileren artean (Ahotsenea, Azpeitiako udala, Azpeitiko Kultur Mahaia, Elkar Fundazioa, Kulturaz kooperatiba, Hik Hasi, Ikaselkar eta UEU). Jardunaldi haietan eginiko diagnosiek eta trukaturiko esperientziek argi utzi zuten kultur sorkuntzaren transmisioa egituratzeko eta sendotzeko premiazkoa zela kultur eragileon arteko eta kultur transmisioan dihardugun eragileon arteko saretzean urratsak egitea.

Horretan aritu gara azken bi urteotan, eta kultur sorkuntzaren transmisioaren inguruko gogoeta egitera eta saretzera batu zaizkigu orduz geroztik beste hainbat eragile (Bertsozaleen elkartea, Euskaltzaleen Topagunea, Dantzan, EEE, EHAZE, EIE, EIZIE, Xabiroi, Jakin, Galtzagorri elkartea, Lanartea, Ibaia, ADDE, EuskalPen…). Saretze dinamika hori eta gogoeta prozesu hori egituratzen ari garela etorri da Hezkuntza Itunaren eztabaida, eta premiazkoa iruditu zaigu Hezkuntza Itunaren testuinguruan kulturgintzatik geure ikuspegia gizarteratzea, geuk ere ahotsa hartzea etorkizuneko legeak euskal kultur sorkuntzaren transmisioa hezkuntzan berma dezala eskatzeko. Testu bat adostu dugu eragileon artean aldarri hori gizarteratzeko atxikimenduak lortzeko, eta ahalik eta gorputz kolektibo sendoena egituratzeko. Ekainaren 16an aurkeztuko dugu kultur eragileok adostu dugun testua.

Bertan izango dira aldarrikapenarekin bat egin duten kultur eragile eta kultur erakundeetako ordezkariak: ADDE, Ahotsenea, Bertsozaleen elkartea, Dantzan, EAB, EEE, EHAZE, EIE, EIZIE, Euskal Herriko Trikitixa elkartea, Euskaltzaleen Topagunea, EuskalPEN, Galtzagorri, Gerediaga, Ibaia, Lanartea, Xabiroi…

Munta handiko agerraldia aurreikusten dugu, euskararen kulturgintzarentzat eta hezkuntzarentzat, hala izanik, zure hedabidea bertan egon dadin gonbidapena luzatzen dizugu lerro hauen bidez.

• Eguna: ekainaren 16a, osteguna
• Agerraldia, 11:00etan: Jorge Oteizaren Eraikuntza Hutsa eskulturaren aurrean, 6, Pasealeku Berria, 20003 Donostia, Gipuzkoa
• Testu bateratuaren irakurketa, 11:15etan: Donostiako Aquariumeko ekitaldi aretoan.