Euskal Liburuaren Gaua Euskal liburugintzaren inguruko bost elkartek antolatzen dute: Euskal Editoreen Elkartea (EEE), Euskal Idazleen Elkartea (EIE), Euskal Irudigileen Elkarte Profesionala (APIE-EIEP), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE) eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literaturaren Elkartea.
Euskal Liburuaren Gaua urtero egin izan da 2008. urteaz geroztik, bi helburu nagusirekin: euskal liburugintzaren sektorea gizarteratzea eta ikusaraztea, kultur industriak euskal gizarte eleanitzaren garapenari egiten dion ekarpena agerian jarriz, eta sektore horretan parte hartzen duten eragileen bilgune eta topaleku izatea: argitaratzaileak, idazleak, irudigileak, itzultzaileak…
Aurtengo ekitaldia
Aurten, Euskal Liburuaren Gaua abenduaren 19an izango da, 19:00etan, Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan. Idoia Noble itzultzaile eta interpreteak gidatuko du ekitaldia eta Joxean Goikoetxeak jantziko du musikaz.
Seigarren edizio honetan, EHUko Mikel Laboa Katedra, DSS2016 Fundazioa eta Donostia Kultura (Donostiako Udalaren Kultura departamentua) izan dituzte laguntzaile bost elkarte antolatzaileek.
Ekitaldiaren baitan, Mikel Laboa Katedraren proiektu baten aurrerakina eskainiko da. Izan ere, Mikel Laboa Katedrak Shakespeareren Sonetoak liburuan eta CDan argitaratzeko asmoa du datorren urtean, eta aukera horretaz baliatzea pentsatu dute antolatzaileek, ikusirik egitasmo horrek bete-betean egiten duela bat Euskal Liburuaren Gaua ekitaldiaren zentzuarekin. Izan ere, ondorengo deskribapenean ageri denez, liburugintzaren inguruko proiektua da, eta sektore horretako eta, oro har, euskal kulturako hainbat eragile bilduko ditu, ekinbide kolektibo bihurturik.
Juan Garzia da Sonetoen euskaratzailea, 1995eko edizioa osatu eta hobeturik; Joxean Goikoetxeak musikaz eta Koldobika Jauregik irudiz hornituko dute argitalpena; eta ehundik gora lagunen ahotsetan grabatuko dira Sonetoak CD batean. Egitasmo kolektiboa, inondik ere, euskal kulturaren eremuan dabiltzan hainbat itzultzaile, idazle, aktore, kazetari, irakasle… biltzen dituena; era, joera eta kolore askotako jendeak hartuko du parte.
Euskal Liburuaren Gaua ekitaldian, proiektu horren lagin bat eskainiko da. “Shakespeareren soneto musikatuak – Zeru horren infernuak” jarri zaio izena, eta honako hauek hartuko dute parte: Joxean Goikoetxea, Olatz Prat, Petti, Josune Marin eta Oriol Floresek.
Bestalde, aurtengo edizioan ere, aurrekoetan bezala, dabilen elea saria emango zaio liburugintzako eragile bati. Aurten, Xabier Olarra Lizaso itzultzaile eta argiratzailea izan da aukeratua, eta, besteak beste, berarentzat bereziki egindako oroigarria jasoko du Aitziber Alonso ilustratzailearen eskutik, sarituaren ibilbide oparoaren erakusgarri ere izango da ekitaldian.
Ospakizuna ondo amaitzeko, kopatxo bat izango da.