EKKIdetu zaitez

EKKI Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, Euskal Idazleen Elkarteak, Euskal Editoreen Elkarteak, Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak eta Euskal Herriko Musikarien Elkarteak sustatu dute. Informazio gehiagorako

Nortzuk garen

2015/02/26an aurkeztu zen Euskal Kulturgileen Kidegoa EKKI egile eskubideak kudeatzeko entitate legez, Bilboko Euskararen Etxean, gizarteko, kulturako eta erakundeetako eragileen aurrean.

Aurrekariak

2014ko urriaren 21eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen Kultura Ondarearen zuzendariaren Ebazpena, zeinaren bidez baimena ematen baitzaio jabetza intelektualaren eskubideak kudeatzen jarduten duen Euskal Kulturgileen Kidegoa (EKKI) erakundeari Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik edo nagusiki jardun dezan Jabetza Intelektualaren Legean aitortzen diren eskubideak kudeatzeko erakunde gisa.

EKKI Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, Euskal Idazleen Elkarteak, Euskal Editoreen Elkarteak, Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak eta Euskal Herriko Musikarien Elkarteak sustatu dute.

Mandatua

EKKIren zeregina da izena bertan emana duten euskal sortzaileen lanen erabilpena lagatzea, erabilpen hau sortzaileak eskatutako moduan egin dadila segurtatzea eta, hala badagokio, kasuan kasuko tarifa ezartzea. Horretan beste agentzien modu-modukoa da. Baina diferentzia da mundu osoan euskal kultura kontsumitu gura dutenen erreferentzia bihurtu nahi duela EKKIk, eta euskal sortzaileentzako egingo duela lan.

Horretarako EKKIk ez du alimaleko egiturarik elikatuko. EKKIren asmoa ez da kulturaren gozamen askea beti susmopean jartzea edo besteen akatsak errepikatzea. EKKIren asmoa da ikusi, irakurri, ukitu, entzun, gozatu dadila euskal kultura. Azken batean, bilketa ere horren baitan egongo da.

Helburua

Gardena eta sinplea izan nahi du EKKIren jardunak, ez teknifikatua eta iluna. Azken helburua da egile eskubideak egileei itzultzea, eta elkartasun bat eraikitzea sektore honetako pertsonen mesederako.

EKKI zer izango den eta ze zerbitzu eskainiko dituen sortzaileek esango dute. Banan-banan galdetu nahi diegu, bakoitzak bere EKKI kontratua izan dezan eta proiektuan parte har dezan.