Literaturatik zinemara: 56. Donostia Hiriko Kutxa Literatura Sariak eta sari berezia Arantxa Urretabizkaiarentzat

Arantxa Urretabizkia-uhezi

Literaturatik zinemara: 56. Donostia Hiriko Kutxa Literatura Sariak banatu dira eta sari berezia eman diote Arantxa Urretabizkaiari, euskal liburugintzaren aldeko ibilbide trinkoa eta esanguratsua egitegatik.

Donostia Hiriko Kutxa Literatura Sarien 56. edizioaren sari-banaketa ekitaldia Donostiako Antzoki Zaharrean egingo da 2022ko azaroaren 19an, arratsaldeko 19:30etik aurrera.

Bertan izango dira lehiaketaren lau kategorietako irabazleak saria jasotzen: Karmele Mitxelena Etxebeste (euskarazko kontakizun liburua, “Haragizko mamuak”), Iñaki Cid Larrea (euskarazko antzerkia, “Behin batean Loiolan”), Fernando Villamia Ugarte (gaztelaniazko kontakizun liburua, “Dioses de quince años”) eta María Eugenia Salaverri García (gaztelaniazko antzerkia, “Lejos de Cafarnaúm”).

Euskerazko liburu sarituak ELKAR argitaletxeak editatu eta banatuko ditu, eta gaztelaniazkoak Algaida argitaletxeak. Saridun bakoitzak 15.000 euroko saria eta garaikurra jasoko du.

Aurtengo ekitaldia benetan berezia izango da eta sorpresa ugari izango ditu. Alde batetik, euskal liburugintzaren aldeko ibilbide trinkoa eta esanguratsua egin duen pertsona bat saritua izango da, Arantxa Urretabizkaia alegia.
Euskal liburugintzaren sektorea ordezkatzen duten lau elkartek osatutako epaimahaiak aho batez aukeratu du Arantxa Urretabizkaia: Euskal Editoreen Elkartea (EEE), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE), Euskal
Idazleen Elkartea (EIE) eta Galtzagorri, Euskal Haur eta Gazte Literatura elkartea.
Ohorezko garaikurra jasoko du Urretabizkaiak.

Bestetik, musika, antzerkia, zinema, dantza eta literaturaren arteko elkarrizketa ikusiko dugu taula gainean. Irati Agirreazkuenaga aktore eta komunikatzailea arduratu da galaren zuzendaritzaz, eta berak egingo ditu aurkezle-lanak azaroaren 19an. Oholtza gainean Amaia Lizarralde eta Olatz Beobide aktoreak izango dira, bai eta Deñe eta Ivan
Martín musikariak ere. Deñek bere diskako abestiak joko ditu, gitarra eta teklatuaz lagunduta, eta Ivan Martín sortzaileak galaren haria eramango duten filmen soinu-banden bertsioak egingo ditu.

Horrez gain, saritutako lanetako pasarteetan oinarritutako film laburrak eskainiko dizkigute Gosho ekoiztetxeko kideek, sormen eta kolorez jantzitako ikus-entzunezko originalen bidez. Galako jantziez arduratu diren Kutxa Kultur Moda programako egoiliarren sorkuntzak bertatik bertara ezagutzeko aukera ere izango dute bertaratutakoek.

Azkenik, ekitaldi berezi honetan, aurtengo otsailaren 5ean zendu zen Fernando Marías Amondo idazle eta sariketako gaztelaniazko kontakizunen epaimahaiko kideari omenaldia eskainiko zaio. 2016 urtetik Donostia eta Irun Hiriko Kutxa Literatura Sarien epaimahaikide izan zen Fernando Marías, Kontakizun Liburu eta Eleberri arloetan hurrunez urrun.

 

Arantxa Urretabizkaiari buruzko laudorioa