IKASLEEI MAILEGUAN EMATEN ZAIZKIEN TESTU-LIBURUEN DOAKOTASUNAK HIZKUNTZA GUTXITUETAN IDATZITAKO LIBURUEN ARGITALPENEAN DUEN ERAGINARI BURUZKO HAUSNARKETAK.
- – Gure legeetan hezkuntza unibertsala eta doakoa jasotzeko eskubidea onarturik dagoenez, gure iritziz testu-liburuak ez dira familien arazo-iturri izan behar.
- – Curriculum-materialaren mailegu-sistema –hainbat erkidegotan jada indarrean dago– erantzun positiboa da; baina, aldi berean, zenbait egoera berezi sortzen ditu, ikasle eta irakasleei nahiz argitaletxe eta liburu-saltzaileei kalte egiten dietenak.
- -Gure iritziz, familiei zuzeneko laguntza emateko ereduak abantaila gehiago ditu hezkuntza-komunitaterako, bai eta kultura-ondasun den liburuak hainbat modalitatetan, generotan eta hizkuntzatan irauteko ere.
- -Hizkuntza propioa duten erkidegoetako liburu-denda gehienek –txikiek eta ertainek– neurri handi batean eskola-liburuen salmentak ematen dizkien irabaziei esker irauten dutela uste dugu; era horretan, gainera, zerbitzu orokor bat eman diezaiokete liburu-hedapenari. Testu-liburuen kanpainak ematen dien diru-sarrera egonkorrik ezean, ordea, bizirauteko zailtasun larriak izaten dituzte.
- -Gure ustean, eskola-liburuak nork bere hizkuntzan (estetika- eta metodologia-eskaintza ugarirekin) argitaratzeko aukera hemendik gutxira amaituko da, baldin eta liburua lau urtean behin ikasgelarako erosteko ideiak aurrera egiten badu. Hainbat argitaletxek ezingo dute aurrera jarraitu, eta, horren ondorioz, gelditzen den eskaintza txiki hori gaztelaniatik itzulitakoa izango da; hori, beraz, sorkuntza propioaren kalterako izango da.
Hizkuntza propioetan haurrentzat eta gazteentzat argitaratzen diren liburu gehienak testu-liburuen argitaletxeen mendean daude; horrenbestez, aipatutako argitalpen-ildo hori soilik jarraitzen bada, argitaletxe horiek ez dira bideragarriak izango.
- – Bestalde, gure ustean, irakasle-taldeei ezin zaie ardura gehiago eman, ez eta mailegu-zerbitzua kudeatzeko erantzukizuna gehitu, horrek dakartzan arazo eta guzti.
- -Halaber, mailegu-sistemak liburuak fotokopiatzeko ohitura sustatzen duela irizten diogu, horrek egile eta argitaratzaileei eragiten dien kaltea eta Jabetza Intelektualaren Legearen ezagutza-falta ahaztu gabe.
- -Gure iritziz zuzeneko laguntza emateak hobeto erantzuten die justizia-balioei eta gizarte-zuzentasunari, laguntzak familia bakoitzaren baliabideen arabera ematen baitira.
Gainera, eskolako ondasun materialak errespetatzen ikasteko ez da mailegatutako liburuetara soilik mugatu behar; horiez gain, norberaren liburuak eta ikastetxeko nahiz ikasgelako liburutegiko liburu komunak errespetatzen ere ikasi behar da. Are gehiago, liburu horiek osatu eta eguneratu egin behar dira, diru publikoa erabiliz eta irakasle espezialisten kontura.
GALEUSCA 2008
Lleida, 2008ko ekainaren 6a.
Mailegu-modalitatea.-
Ikasturte baterako ikasleei maileguan uzten zaizkien liburuen ezaugarri nagusia liburu horiek ikastetxeari itzuli behar izatea da, hurrengo ikasturteetan beste haur batzuek erabil ditzaten. Liburuak administrazioaren jabetzakoak dira, baina ikastetxeak kudeatzen ditu, hori arduratzen baita mailegu-sistemaren funtzionamendu egokiaz. Lau urtean behin, erabilitako liburuak berritu egiten dira, eta, urtero, hondatuta dauden liburuen ordez, berriak jartzen dira.
Zuzeneko laguntzaren modalitatea.-
Familien zuzeneko laguntzaren modalitatea, ostera, bestelakoa da; hau da, administrazioak diru-kopuru zehatz bat ematen die eskola-adineko haurrak dituzten familiei, kontuan dirua sartuz edo liburu-dendan testu-liburuekin trukatzeko bono bat emanez. Azken horiek, hain zuzen, ikaslearen jabetzan gelditzen dira betirako. Laguntza-modalitate hau unibertsala da, baina familia bakoitzaren irabazien arabera ematen da.